2013-2014ko irakurgaiak

Irailaren 25ean zerrenda honetatik 8-9 liburu aukeratuko ditugu. Zure iritzia ere jaso nahi dugu! 



Kristalezko begi bat  Meabe, Miren Agur
Susa, 2013
Pintoreak autoerretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela hau, kristalezko ispilu berezi bati arretaz begira. Errealitatea eta fikzioa josiz eta urratuz sortutako kontakizuna da. Emakume baten mintzoa adituko duzu liburua zabaltzeaz batera: "Begi bat galdu nuen nerabezaroan; minbiziz hil zitzaidan ama; dibortziatua naiz eta seme bat daukat; enkarguzko lanak idaztetik ateratzen dut bizibidea; berriki utzi egin dut maite-laguna eta harrezkero gaixotuta nago...".


Intemperies (babes bila) Oñederra, Lourdes
Erein, 2013
Denbora desberdin ari da igarotzen. Luziak ez daki noiztik, noiz hasi zen denboraren desberdintasun hori, aldaparik gabeko igarotze hori, iraganetik orainera kolore aldaketarik gabe, bide laua, oharkabean pasatze hori lehenetik orainera, urtek laburtu eta minutuak luzatu, loditu egin balira bezala. Goizak arratsaldeetatik urrutiratuz doaz eta motel, oso motel gogoratzen dira goizean gertatuak, baina garden, gordin agertzen dira duela hogeita hamar urte entzundako esaldiak, ikusitako begiradak. Gorputza. Gorputzaren bestelakotze geldiezin hori. Ezinbestean, inevitably, inevitablemente.
Amodiozko nobela bat? Nobela guztiak dira amodiozkoak.
Nolanahi ere, amodiozko nobela paregabea.

Plazer bat izan duk, Benito! Pako Aristi, Mikel Markez
Elkar, 2012
Urtetan bildu dira Benito Lertxundi, Pako Aristi eta Mikel Markez: hilero-hilero, bakoitzaren herrian txandaka, lasai bazkaldu eta bazkalondo luzean hitz-aspertu bat izateko, honetaz eta hartaz. Aristi eta Markez pribilegiatuak sentitu ziren, Benito intimo eta hurbil bat ezagutzeko aukera izan zutelako, oso jende gutxik bezala, eta pentsatu zuten solasaldi haietan oinarrituta liburu bat egitea.



19 kamera Arretxe, Jon
Erein, 2012
Trama paralelo batzuek osatzen dute umorea eta gordintasuna konbinatzen dituen nobela beltz hau: Palankako klub bateko prezio susmagarriak, trafikatzaileen arteko istiluak, adin txikiko prostituta baten desagerpena, kaputxadun talde baten jipoi eta hilketak... Dena dela, nobelako ardatz nagusia Toure da, Bilboko San Frantzisko auzoan bizi den etorkin afrikarra. Ogibidea bilatzen behartuta, gezurrezko igarle gisa saiatuko da lehenik eta, pixkanaka, kasu eta proposamen bitxiak sortzen joango zaizkio.

  
Hiru gutun Iruñetik Zubizarreta, Patxi
Pamiela, 2012
1939ko uztailaren 25ean, aurrena Irati treneko merkantzia bagoietan Irunberriraino eta kamioietan gero, ehundaka preso eraman zituzten Iruñetik Erronkari ibarraren izen bereko herrira. Txerrien pare metatuak, herritarrek zer ganadu mota ote zekarten galdegin zioten elkarri, edota igitariak, txerpolariak edo ijitoak ote ziren. Baina luze gabe fusildunen oihuetara lerrokaturik ikusi zituztenean, gizonilo haiek presoak zirela pentsatu zuten.
Muga piriniarreko babesarako lanak egitera omen zetorren Langileen 127. Bataloi hura, eta Zaraitzu eta Erronkari ibarren arteko errepidea izango zuten lantegi, hala nola beste hainbat beharginek Lesaka eta Oiartzun, edota Eugi eta Irurita lotzen jardun beharko zuten. Alabaina, Langileen 127. Bataloiko 1. eta 2. konpainiak Bidankozera bidali zituzten urte hartako urrian, eta Igarira 3. eta 4. konpainiak, abenduan. NODOaren hitzak ziren: "Aberriaren Lana, Ogia eta Zuzenbidearekin, presoak astiro-astiro ari dira berreraikitzen beraiek lehenago dinamitaz suntsitutakoa".
Zarpazikin, oin nekatuak herrestan eta automaten pare, gatibuak goizean goizetik turuta hotsera ibiltzen ziren: lerrokatu, zenbaketa amaigabeak egin eta, batik bat, pikotxa, pala, esku orga eta saskiekin, leher gaizto egin arte, errepidea zabaltzen... 

Piztiaren begiak Ladron Arana, Alberto
Elkar, 2012
Kartzelan urteak pasatu eta gero, iraganeko zorrak garbitu nahi dituen gizasemea, batetik; negozio ilunak tarteko postutik baztertu zuten eta bere bizkarra zaindu behar duen polizia, bestetik. Ehiztari-sena dute biek, eta bata bestea harrapatu nahian dihardute, eginahal guztian. Erdian, berriz, nora ezean dabilen koitadu bat, duela urte batzuk bere familia ezbehar batean galdu zuena, eta orain familia berri bat osatu nahi lukeena.
Alberto Ladron Aranak ohiturik gauzkan maisutasunez josi ditu eleberri bizi-bizi honen hariak, misterioa eta suspensea erabiliz irakurlearen arreta bereganatzeko. 

Kolonbian bahituta. 74 egun ELNren esku Asier Huegun, Gari Udabe
Txalaparta, 2012
2003ko irailaren 12an, Kolonbiako ELNk Asier Huegun euskalduna bahitu zuen eta, harekin batera, ingeles bat, alemaniar bat eta lau israeldar. ELNk bahiketa egiteko arrazoi politikoak aurkeztu zituen, eta auziak berehala lortu zuen garrantzia nazioartean, eta berebiziko sona Euskal Herrian.
Bahitzaileek Asierri euskaraz eguneroko bat idazten utzi zioten eta, eguneroko horri jarraituz, bahiketa horren nondik norakoak ekarri ditu gogora. Orriotan, Gari Udabe kazetariaren laguntzaz, 74 egun luze horietan gertatutakoa deskribatzen digu zehaztasun eta hurbiltasun handiz: beldurra, nekea, ezintasuna, gosea, bahiketa-kideen arteko harremanak, gerrillarien bizimodua, kezka gizatiarrak eta politikoak... Lehen eskuko testigantza zirraragarria. 

Aldamenekoa Ainara Gorostitzu, Ikor Kotx (IL.)
Elkar, 2012
Debako Tene Mujika beka irabazi zuen Ainara Gorostitzu kazetariak liburu honen proiektuarekin, eta orain dakarkigu amaiturik: Euskal Herrian azken aldian izan dugun inmigrazioa aztertudu hamar erreportaje luzeren bidez. Horietako bakoitzean, bere lurraldetik alde egin duen pertsona bat ezagutuko dugu sakonean: bere zirkunstantziak, gorabeherak, arazoak, ametsak, nahi eta ezinak... Gure gizartaren parte diren gizon-emakumeak, aldamenean izan arren ezezagunak zaizkigunak, sarritan baita ikusezinak ere.

Ez naiz ni Jaio, Karmele
Elkar, 2012
Zerbait falta dute, zer den ondo ez badakite ere. Gaztetasunaren azken izpiez gozatu nahi dute batzuek, lehengo garai ustez eder haiek berreskuratu; esperientzia berriak bilatuko dituzte beste batzuek,modu batean zein bestean, edo hondatzen hasitako harremanak biziberritzen saiatu. Bizitzaren erdialdean daude denak, eta horrek eragiten die ezinegonean beren tokia aurkitu nahi lukete. Pertsonaia batek dioen bezala, zailena ez baita zahartzea, zahartzen hastea baizik. Ipuin liburu berri bat dakarkigu Karmele Jaiok, hamabi istorioz osatua. Aurrekoetan bezala, giza harremanetan sortzen diren arrakaletan erreparatzen daki egileak, begirada zorrotz baina amultsu batekin; aurrekoen aldean, baina, sakonagoak dira kontakizunak, argumentua gehiago garatuz, eta aberatsagoak dira pertsonaiak, haien bizitzen hainbat alderdi eta xehetasun erakutsiz; betiko sentiberatasunez, baina baita berria den umore fin batez ere.


Argi-itzalen neurria        Artola, Xabier
Elkar, 2011
Euskal Herria geltoki eta Paris helmuga duen Marrakexeko urketari gaztearen bidaia iniziatikoa; politikak eta gerrak elkarrengandik bereizi eta urrundu zituen anaia bikien tragedia; garai bateko amets iraultzaileak udan etxean umezurtz bat hartuz konpentsatzen dituen familia; maite duen horri zenbateraino hurbildu, noiz urrundu, dabilenaren zalantzak…



Scanner Bilbao, Leire
Susa, 2011
Nirea bezain inorena naiz
bere itzala jaten saiatzen den
zakurrari bezala gertatzen zait
urduri jartzen naute maitasun abestiek
badiotsut: irratien dialen zapping-ean
entrenatuta daude nire atzamarrak
orrazi izateari uzten diotenean

Argiaren erreinua Lozano, Joseba
Alberdania, 2011
Praga inguruan emakume baten gorpua azaldu da: lepoa moztu diote, eta begiak atera. Ondorengo asteetan, tantaka, emakume gehiago agertu dira, eta bakoitzari gorputz atalen bat falta zaio. Praga iluneko kaleetan hiru ezezagun bildu dira hiltzailea harrapatzeko: Jan, ikerketaren arduraduna; Anna, liburu denda bateko jabea; eta Fran, bere burua nahigabe abenturan murgilduta ikusi duena. Baina ikerketa honetan ezer ez da dirudiena, eta dena gero eta misteriotsuagoa da, gero eta itogarriagoa, gero eta beldurgarriagoa...




 Fikzioaren izterrak Apalategi, Ur
Susa, 2010
Zazpi ipuin hauek fikziozkoak izan arren, errealitate hurbilaren ispilu dirdiratsuak dira; sarritan irudi olgetari eta trufatzaileak islatzen dituztela irudituko zaizu, baina gertakariak eta gertagarriak gertu daudela erakusten dute beti.
Bikote batetik, idazletza bestetik, horra kontakizunotan obsesiboki txirikordatzen diren hari nagusiak. Maitasun konpartitua, naziotasun zoriontsua eta arrakasta literarioa benetakoak al dira?, edo geure buruak zigortzeko sortzen ditugun kamera eskuraezinak? Serioski irri egiteko narrazioak dira, baita frustraturik gozatzekoak ere, edo haserrez baketzekoak... hori posible baldin bada.
Ur Apalategiri poemak eta bi nobela irakurri izan dizkiogu; hauxe da, beraz, bere aurreneko ipuin liburua. Atzartasuna moteltzen utziko ez dizun estilo natural eta malguz onduta dator, sekula galdu gabe ozar bilakatzeko atrebentzia. 

Bitsa eskuetan Meabe, Miren Agur
Susa, 2010
Ez du balio men egiterik.
Garaia da esateko.

Hona hemen nire ile gorria,
mamu tematien kukuleku.

Behat nire begiei,
bata itsua, bestea hautsez josia.

Jantzi beltz bi Penades, Josu
Alberdania, 2009
1930-40ko hamarkadetariko batean jaiotako ama baten ahotsa da de profundis honetan entzun daitekeena. Drogak irentsi dion alabarenganako enpatiaz heltzen dio itxaropenik ezaren aurkako borrokari bere bizitzako azken hilabeteetan.

Euskal Herrian drogak harrapaturiko lehenengo belaunaldikoen ama baten kontakizun jariotsu honetan, bizitzea egokitu zaion mundura —dena dela garaia zein lekua— moldatzen jakin ez duenaren bizikizunak aurki daitezke.
  
Autokarabana Etxegoien, Fermin
Pamiela, 2009
Fermin Etxegoienen lehen eleberri honetan mundu garaikidea ageri da, errealismoz erakutsia. Protagonistak lan egiten du herri bateko kooperatiban, eta zenbait tramaren erdian aurkituko du bere burua. Esperientzian oinarrituriko literatura da, egungo familia zein laneko bizipenak jasotzen dituena. Elkarren artean gurutzatzen diren gertakizunek, erritmo bizian kontatuak, irakurlearen arreta hasieratik bereganatuko dute, eta espero ez duen amaierara eramango. Aspaldion ugaldu diren autokarabana-aleak unibertsaltasunean helmugarik ez daukaten unitate moduan irudikatuak dira…Autokarabana modernitatearen metafora gisa. 

Ero Martin, Jon
Elkar, 2008
Non dago normaltasunaren eta erotasunaren arteko marra? Eta erotasunaren eta erokeriaren arteko muga? Ertz labain horretan jolasean dabiltza liburu honetako kontakizunak, hainbat gizon-emakumeren beldur eta irriken bitartez gizartearen beraren makurdurak agerian jarriz.
Traste zaharrak pilatzen dituen atsoa, adikzioak burmuinak nahastu dizkion gaztea, urteak betetzeari uko egin nahi dion gizon heldua... Istorio hauetako protagonista batzuk aise sailka ditzakegu psikiatriaren arabera, patologia kliniko bat ezarri eta lasai segi, geure bidean. Beste asko, berriz, itxura normalaren pean, gutako edozeinen ispilu izan litezke, baina ispilu deformatu hori ez da horren lasaigarria. Bere lehenengo ipuin-liburua idatzi du Jon Martinek, estilo-aniztasuna menderatzen duenaren esku trebea erakutsiz, bai eta teknika abil hori narrazioaren mesedetan jartzeko buru azkarra ere. 


Bilbao New York Bilbao Uribe, Kirmen
Elkar, 2008
Loiun abiatu eta JFK aireportura iristen den hegazkin-bidaia bat da, berez,Bilbao-New York-Bilbao eleberri hau. Baina, hegaldiarekin batera, hiru belaunaldiren historia kontatzen zaigu: aitona-amonei dagokien gerraurrekoa, gurasoen sasoiko frankismoarena, eta idazlearena berarena, XIX. mendeanhasi eta XXI.eraino doan epopeia txiki baten moduan; batetik besterako lokarri, Aurelio Artetaren koadro bat, eta haren inguruko gorabeherak.



Zoaz infernura, laztana Lertxundi, Anjel
Alberdania, 2008
Bikote harremanak aztertzen ditu Lertxundik eleberri honetan. Gehienetan, botere harreman bihurtzen dira harreman horiek, eta gaur egungo edozein egunkari hartzea nahikoa da ikusteko ez dela gutxitan gertatzen boteretsuenak bere boterea baliatzea ahulena umiliatzeko eta tratu txarren bidez otzantzeko.
“Galdetzen dut: hitzekin —nire hitzekin, alegia— jaso dezaket emakumearen izaeraren isla bat, ez dakit zehatza, baina zehaztasunera hurbilduko dena?”. Honela aipatzen du eleberri honetako narratzaileak bere kezka, Rosaren barruan sartzeko gai izango den edo ez azaltzeko unean. Eta esan behar da maisutasun handiz lortzen duela eleberri honetako pertsonaia nagusiaren barne azpilduretan sartzea. Izan ere, generoko elementuak erabiltzeaz gainera –nobela beltzaren elementuak, intrigarenak…–, gaur gaurko kontakizun bat eraiki du Lertxundik, hizkera bizkor batean, eta gardentasun hotz bizi batez.


Aulki bat elurretan Alberdi, Uxue
Elkar, 2007
Kale txukunak, jende ordenatua, laku ederrak, elurrezko panpinak... Eta eskale zarpailak, alkoholiko errukarriak, maitasun anemikoak, harreman izoztuak. Horra hor Suediaren zati batzuk behintzat, Uxue Alberdik hautatuak eta moldatuak, ipuin liburu bat egiteko.




Garoa Agirre, Domingo
Arantzazu
Mundu moderno eta hiritarraren presiopean gero eta estuago eta deserosoago bizi eta gainbeheran sartua dirudien mundu menditarraren bilakaera geldoa du kontagai Agirrek. Joanes pertsonaia nagusiak konpondu behar duen arazo nagusia jarauntsiarena da, hitzaren zentzu material zein abstraktuan. Hau da, nola iraunarazi bere balore mundua eta ontasunak pixkanaka arrailduz doan familia ez hain batuaren bitartez? Hortik letorke semeen eta biloben ezkontzak ahalik eta egokien “zuzentzeko” orduan artzainak eta bere emazteak jartzen duten arreta kezkatia. Izan ere, beti ager baitaiteke mehatxuren bat, dela emaztegaia ez delako euskalduna –ikus Juan Andres gazteleratuaren emazte galiziarra–, dela senargaia ateoa eta hiritartua delako –ikus Malentxo biloba kuttunaren senargaiak–. Zentzu hertsian ez du ekintza nagusirik, beraz, eleberriak saga txiki eta ohiturazale baten itxura hartzen du, bidenabar, ederki egokitzen zaiolarik Mikhail Bakhtinen idilio erregionalistaren definizioari: erregionalismoaren funtsezko araua literaturan, belaunaldien bizitzaren eta toki jakin eta mugatu baten arteko lotura hautsiezin eta iraunkorra, bizitzaren prozesuak hartzen duen itxura idilikoaren isla da.



Bi anai Atxaga, Bernardo
Obaba unibertsoaren sorrera da, nolabait, Bi anai, honen ostean sortuko ziren Atxagaren beste hainbat lan, idazle gipuzkoarraren 80. hamarkadako ikur izango zirenak (tartean Obabakoak bera, noski). Giza kondizioa eta natura dira gai nagusia tragedia eder honetan. Paulo eta Daniel anaien gora-beherak kontatzen dizkigu. Hiru narratzaile bereziren bidez izango dugu gertatutako ezbeharraren berri; hiru narratzaileei esker, istorioa osatuz doa, ahots eta ikuspegi ezberdinetatik. Oso modu ezohiko, berezi eta lirikoan kontatua.





Ipuin batean bezala Irigoien, Joan Mari
Elkar
Sararen eta Anderren bizitzak buelta asko emanak ditu elkar ezagutu baino lehen. Maitasunaren eta bizimodu alternatibo baten atzetik joan zen Sara Huarte Granadako Alpujarretara, denak utzita: etxea eta herria, lana eta koadrila, senargaia eta familia; urte ezti batzuen ostean zoritxarra iritsi zen, eta gero drogaren zuloa, eromenaren infernua... Ander Olaso medikua, berriz, etsiak jota dago ia-ia bizitza sentimentalari dagokionez. Eta horra non sortzen, porrotaren hautsetatik, amodioaren txoria zeruan hegaka... Goxo eta garratzak dira aldika pertsonaien pasadizoak, halakoxea delako bizitza ere, gogorra eta leuna, malkoa eta irria tartekatzen dituena. Horregatik esan liteke bizitzaren aldeko kantu bat dela sakonean Ipuin batean bezala, zoritxarren gainetik beti baitaude bizi-pozerako arrazoiak, gaitzen zirrikituetatik aurrera egingo baitu beti biziak.


Errautsera arteko sugarra Zurutuza, Imanol
Elkar
Errautsera arteko sugarra du izenburua lan honek, bizitzaren metafora biltzen duen izendapen batez: errautsera iritsi arte irauten duen sugarra. Bizitzaz hitz egiten baitu batez ere liburu honek, baina baita heriotzaz ere. Emaztea galdu du idazleak. Buruko min bizi batekin hasi zena buruko minbizi gertatu zen eta, mediku eta ospitaleen erromesaldi luze eta nekagarriaren ondoren, bere fin gaiztora iritsi. Bakardadearen zama, atsekabearen tristura, oroitzapenen ziztada ezin eramanik, idazten jartzea erabaki du alargunak: bere bakardade horrexetaz, bere atsekabeaz eta, batez ere, oroitzapenez. Sentimentalismotik ihesi baina bere biluztasun osoan zirraragarri gertatzen den estilo dotore bezain zehatz batean harilkatuz doa idazlea bere oihala, txatal ugariz osaturiko puzzlea. Liburu errepikaezina da esku artean duzun hau, kontagaiaren ezinbesteko dramatismoak intentsitate bereziz jantzia eta idazkeraren ederrak arte-lan bihurtua. Errepikaezina baita gizaki bakoitzaren bizitza, errautsera arte irauten duen sugarra.


Van´t Hoffen ilea Elorriaga, Unai
Elkar
Ministerioko funtzionarioa da Matias Malanda, bere arloan onena nonbait, eta proiektu bat dela-eta iritsi da Idusera, lan hori zertan datzan inork argi ez badaki ere. Etxez etze ibiliko da bere grabagailua hartuta, herriko pertsonaia berezienen bizitzak jasotzen, ustez, asmo horren atzean beste helburu batzuk gordetzen diren arren. Tipula-azalen antzera, misterio bat ezkutatzen da beste misterio baten azpian, kontakizunak aurrera egin ahala irakurleak argituko dituenak. Bien bitartean, mikroipuin ugari topatuko ditugu, jende bitxiaren biografia moduan: xake-mota arraro batean jokatzearren ondasun guztiak saldu zituzten anaia bien istorioa, presoen agiriak falsifikatuta garaia baino lehen kaleratzen zituen kartzelako idazkariarena, artazi formako museo bat eraiki zuen arkitektoarena... Bere estilo bereziaz idatzi du Elorriagak bigarren eleberria: gauzak hitz erdika esanez, elipsien bidez sujerituz, testuan eztanda eta txinparta etengabeak bilatuz. Istorio xelebre guztion atzean, ordea, gizatasuanren taupada beroa nagusitzen da, begirada pikaro batekin aldi berean irri eta keinu egiten diguna.


Bulkada Benito, Jon
Susa
Zazpi atalez osatuta dator BULKADA poema liburua, nobela bateko kapituluak balira bezala. Gaztaroa, politika, literatura, amodioa, Londres, itzulera eta gaurko nortasuna dira zazpi kapituluetako gaiak, hurrenez hurren.


1 iruzkin:

  1. Kaixo irakurlelagun:

    nik asteizkeneko saioan egoterik ez dudanez ikasturte honetarako nire aukeraketa bidaltzen dizuet, poesia tartean:
    - Aldamenekoa
    - Ez naiz ni
    - Argiaren erreinua
    - Ero
    - Bilbao, New York, Bilbao
    - Zoaz infernura, laztana
    - Aulki bat elurretan
    - Bulkada

    Saioa beti bezala emankorra izatea opa dizuet.

    Edurne

    ErantzunEzabatu