2013(e)ko irailaren 30(a), astelehena

HAUTSAK HARROTUZ




Juan Kruz Igerabideren "Hauts bihurtu zineten" nobelaz arituko gara hurrengo elkartze saioan, urriaren 23an. Motorrak berotzen hasteko, astindutako eta astindu gabeko hautsez aritu ginen hizketan pasa den asteazkenean, botatako eta botatzera ausartu gabeko iraganaz, etxeko zoko-bazterretan pilatutako liburu-argazki-oroitzapenez, luzatzen utzi eta moztu gabeko bizarrez, kontzientzia garbitzeaz, ahaleginak pilatutako izerdiaz...

Pilatu eta jaso, geuregana bildu eta geuregana lotu, tipula azalez babesten omen dugu geure burua, egindako lanez, erabilitako liburuez, ateratako argazkiez, jantzitako arropez... Gordetzeko joera omen dugu, bizitzan lortzen ari garen ondarea omen da pilatzen duguna... Jasotakoa botaz gero, egin genuen hura egin izan ez bagenu bezala sentituko omen ginateke; geure buruari erakutsi nahi izaten diogu, baietz, egin genuen hura egin egin genuela: hemen arrastoa, eta esku ahurrak zabaltzen ditugu zabal-zabal. 

Eta etxeak su hartuz gero? Non geratzen da iragana, non egindakoa, non lortutakoa, non nire oraina justifikatuko duen arrastoa? Baina, zer da arrastoa, zer da lortutakoa, zer da egindakoa? Zerk ematen dio balioa, nork?

... eta gorde, eta gorde, eta gorde... elkarri zenbat bizitza gorde nahi ditugun  galdezka esan genion agur, gosea ere ordurako t.

2013(e)ko irailaren 24(a), asteartea

Juan Kruz Igerabideren oparia




Gure lehenengo bidaidea: Juan Kruz Igerabide






Honatx "Hauts bihurtu zineten" liburua irakurri aurreko aho gozagarria. Juan Kruzek berak irakurle taldeko kideoi propio idatzi diguna:

"Imajina ezazu nire jaioterria, nire haurtzaro-gaztaroak, eta, tartean, oraindik irentsi ez ditudan esperientzia gogorrak eta gazi-gozoak. Nola eman zentzu bat horri guztiorri? Jarri diot zapi bat gainean nire bailarari eta bihurtu dut edozein bailara, ez irudimenezkoa, ez Obaba, baizik eta benetakoa, baina edozein tokitakoa (norbaitek esan dit Bizkaiko herri bat ikusi duela narrazioan). Literaturak esperientziei ispilu unibertsal batez begiratzeko aukera eman dit, eta hor irten dira borborrean bizipenak, ez nireak zuzenean, baina bai nire min-pozetatik etorriak; beste ekintza batzuk izan zitezkeen, baina ekintzek uzten duten bizi-arrastoa neure-neurea da, eta 70 hamarkada bizi izan genuen askorena."

2013(e)ko irailaren 10(a), asteartea



Kaixo lagunok! Irribarretsu, gogoz, ilusioz heldu nahi diogu 2013-2014 ikasturteari! Bi urteko esperientziaren ondoren asmo berriz beteta gatoz. Honako hau lehenengoa: Interneten mundu zabalean gure irakurzaletasunari txoko txiki txukun bat egin nahi diogu. Zertarako? Iruzkinak egiteko, jolas egiteko, elkarrizketak argitaratzeko... 

Irailaren 25ean Ordiziako Barrena Jauregian elkartuko gara arratsaldeko zazpietan. 

Lehenengo saio honetako asmoa liburu bat jaso eta urtean zehar irakurriko ditugun liburuak zeintzuk izango diren adostea izango da (2013-2014ko irakurgaiak loturan topatuko duzu prestatu dugun zerrenda; zure proposamenen esperoan ere izango gara!). 

Euskal literaturaz gozatu eta esperientzia polit bat bizi nahi baduzu...

ZURE ZAIN IZANGO GARA!