2013(e)ko abenduaren 9(a), astelehena

UR APALATEGI





Liburuek ere ikasi egin behar izaten dute. Adibidez, igeri egiten. Neskato bat ikusi nuen behin igerileku batean, urpean, eserita liburu bat irakurtzen. Udaberria zen, udako egun zoroen itzalean biluzten diren udaberriko goiz zoro bat hura ere. Eta ni ere urpean, zoro-zoro, eskuetan liburu bat zuen neskatoari begira. Eta ni ere urpean, zoro-zoro, ia itoan,

Liburuek ere ikasi egin behar izaten dute. Adibidez, itotzen. Horregatik existitzen dira udaberriko goiz zoroetan urpean irakurtzen egoten diren neskatoak. Igerilekua eleberri bihurtzen da horrelakoetan, irudimenari ahoa zabaltzen dioten arrainen istorio-leku.

Liburuek ere ikasi egin behar izaten dute. Adibidez, urpetik ateratzeko tentazioari eusten. Izterrak dira liburuen flotagailuak. Fikzioa da itotzear diren liburuen arnas-bide bakarra.


Ur Apalategi -> Gauak guraizez moztu eta hirietan itsasten dituen idazlea, gure gauzak, bereak eta besteonak, sekretupetik askatzen dituen editorea, galtza motzak jantzi eta fikzioaren izterrak erakutsiz ikasleak seduzitzen dituen irakaslea, erdi-guneen bila dabilen poeta eta belaunaldi literarioak auzitan jarri dituen ikertzailea. 

"Honaino iritsi zaren hori... jakin ezazu honaino iritsi baldin bazara, hau da, nire izterra ikustera, ba... desiratua zarela. "  Ur-ek Ibere izterrean tatuatu zuen esaldia.

"Heriotza irudikatzen dut... lanaren bukaera bezala, opor handiak, handi-handiak" To, Itakako uhartean Ur-ek utzi zuen perletako bat; solasaldi dirdiratsu batean harribitxi bat gehiago.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina